|
Europako
Gizarte Fondoa (EGIF), helburu gisa Merkatu Bakarrean enplegua eta
langileen mugikortasuna sustatzea zuena, Batasunaren Egitura Politikaren
lehen tresna izan zen, Europako Inbertsioen Bankuarekin batera.
Hirurogeigarreneko harmarkadaren hasieran NOBEF sortu zen, landako
eremuen garapena bultzatzeko Nekazal Orientabide eta Bermerako Europako
Fondoa, baina eskualdeen arteko garapen mailan ziren aldeak 70eko
hamarkadan agerian geratu ziren nabarmen, krisi ekonomikoarekin
eta lehenengo zabalkuntzarekin. Orduan, 1975. urtean, Eskualde Garapenerako
Europako Fondoa edo EGEF sortu zen, eta orduz geroztik estatu kideen
arteko ageriko aldeak ez zirela estatuen arazo partikularrak pentsatu
zen, baizik eta Batasunaren egiazko eskualdeko politika bat egituratuz
soluzio orokor eta elkartasunezkoak eskatzen zituen arazo komun
bat. Egiaztapen hori 1988. urteko Batasunaren Eskualdeko Politikaren
erreforma sakonean islatu zen. Aipatutako erreformak estatu kideei
emandako Batasunaren laguntzak lehentasunezko ardura behar zuten
eremuak identifikatuz irizpide funtzionalen, eta eskualde mailako
irizpideen arabera banatzen zituen, eta fondo ezberdinen arteko
koordinazioa sustatzen zuen.
Azkenik, 1993. urtean, Kohesio Fondoa sortu zen, Estatu atzeratuenen
konbergentzia ekonomikoa faboratzeko berariaz diseinatua, azpiegiturei
eta ingurugiroari lotutako auziak ebatziz. Estatu espainiarra orduan
EEE deitutakora atxiki ondoren, 1986. urtean, hasi zen Batasunaren
laguntzak jasotzen. EAEren politika horri 1988. urteko erreformaren
ostean, zeinak eskualdeko xedea zuten laguntzak jasotzeko aukera
Autonomi Erkidegoetara hedatu baitzuen, atxiki zitzaion osoki.
Azken urteotan, Gipuzkoak Batasunaren fondo ugari eskuratu ahal
izan du hainbat proiektu, programa eta ekimenen bitartez. Fondo
horiek administrazioaren maila ezberdinek kudeatu dituzte, eta,
horien artean Gipuzkoako Foru Aldundiak funtsezko zeregina betetzen
du.
|